XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) geroago sabelaldea danbor gisa erabiltzeko!

Nola moldatzen ote ziren hura egiteko, hau da, gorpuaren haragia zaindu eta gordetzeko, guztiz usteldu gabe?

Eta gainera, hasteko eta behin, zernolako izaki-motari bururatuko zitzaion halako ideia?

Ez zen munduko ikuskizunik gogokoena, baina Normanek begiak txitxildu zituenean, kasik ikusi zuen eszena: gerlariak tropelean, pintaturik eta biluzik, denak batera bihurka-mihurka eta zibu-zabuka, eguzkiaz, bainaturiko basa-zeruaren azpian, eta sorgin zaharra haien aurrean kukubilkaturik, etengabe doinua joaz gorpuaren sabel handi-hanpatuan.

Gorpuaren ahoa, oker-oker egina, zabalik edukiko zuten, aukeran hezurrezko matxardek eutsita imintzio ikaragarria eraginez, eta handik jalkiko zen soinua.

Sabelean jo, barnezulo txikituetan gora joan, trakea atrofiatuan barrena behartu eta azkenean indar betean eta anplifikaturik irtengo zen eztarri hil hartatik.

Une batez, Normanek ia entzun zuen danborra, eta orduan gogoratu zuen euriak ere baduela erritmoa, eta halaber oinotsek...

Egia esan, aditu gabe ere erreparatu zien oinotsei: ama gelara azaldu orduko, aspaldiko familiartasunak Normanen zentzumenei laguntzen zien.

Ez zuen gora begiratu beharrik izan ama bertan zegoela jakiteko.

Areago, ez zuen gora begiratu; aitzitik, irakurtzen arituko balitz bezala jarraitu zuen.

Ama lotan egon zen bere gelan, eta Normanek bazekien zein erretxindurik ibiltzen zen esnatu berritan.

Beraz, isilik egotea zuen onena, ama ohiko aldarte txarrean egongo ez zen esperantzan.

Norman, badakizu zer ordu den?

Normanek liburua itxi zuen, hasperen eginda.

Bazekien amak lanak emango zizkiola: (...)